ONDO JATEN IRAKASTEA

Zertan datza haur obesitatearen arazoa?
1.- Guraso babesleegiak
Horrelako aita-amek elikagai gehiegi ematen diete seme-alabei, beren maitasun eta ardura adierazteko ez ezik, gauzak ongi egiten ari ez direneko sentimenduak (justifikatu gabeak, ia denetan) arintzeko modu natural gisa.

2.- Seme-alaben pisuarekin eta elikadurarekin obsesionatuak dauden gurasoak
Seme-alabak jaten dutena eta ez dutena etengabe begiratzen ari dira, haurren elikadura kontuetan zorrotzegi jokatzen dute.

3.- Janaria, sari eta zigor
Guraso zenbaitek haurrak gutiziatuen dauzkan elikagaiak (litxarreriak, gozokiak, txokolatea) jokabide ona saritzeko oparitzat baliatzen dituzte. Bestetik, beraien lanaldi luzeak konpentsatu nahi izaten dituzte seme-alabei nahikunde guztien aurrean amore emanez: janari azkarra maiz hartzea edo otordua aukeratzea haurraren eskuetan uztea (hori, noski, ez da izan ohi osasuntsuena).

4.- Gehiegi, aukeran?
Guraso batzuek umeei elikagai gehiegi ematen diete, gaztetxoen organismoak asimilatu edo erre dezakeena baino askoz ere gehiago, maizegi. Haurren elikagai kopurua, erritmoa eta ordutegia helduenaren parekotzat jotzen dute. Hiru urteko umeak hartu beharreko haragi anoa ez da inola ere 60 ? 70 gramo baino handiagorik izan behar baina, hori bai, egunean bi fruta kontsumitu behar ditu. Hamar urte bete arte, bederen, haragi anoak 100 gramo baino txikiagoa izan beharko luke; bestetik, ohituraz, egunean hiru fruta eta eskutada bat fruitu lehor hartzen ohitzea komeni da.

5.- Zer gosaldu du? Zer eraman du hamarretakoa egin edo askaltzeko?
Astirik ez izatean, erosotasunean eta ekonomian euskarri harturik, guraso askok seme-alabei oso elikagai energetikoak ematen dizkiete: gosaltzeko gaileta eta madalena barrubeteak eta hamarretakoan edo askarian opil industrialak, gozokiak eta freskagarriak.

6.- Aita-ama aktiboak?
Pertsona askoren iritziz, ariketa fisikoa inongo mesederik ez dakarkien alferrikako ahalegina denez, mugitzen eman beharko luketen tarte horretan, automobilean edo, bestela, telebista, kontsola edo ordenagailuaren aurrean ematen dute. Haur sedentarioak.



Nolako ondorioak ditu haurrengan?

1.- Beharrezkoa duten elikagai kopuruaren ideia, bihurriturik.
Haurrek helduei eskerrona agertzen diete gehiegizko janaria onartuz, jokabide hori ohituratzat hartuz. Elikagaien gaindosi hori, jakina, pisua handitzea bihurtuko da.


2.- Aurka egitea.
Txikitan errepresioa nozitu dutenez, koxkortzean gaztetxo askok, guraso obsesiboek "sartu" nahi izan dietenaren aurkako elikabideari heltzen diote. Bestela esateko, gurasoek ez diete seme-alaba horiei janarekiko harreman osasuntsurik.

3.- Ondoeza bideratzeko, erdipurdiko kalitateko janaria.
Elikagaiak eta emozioen arteko erlazioa bistakoa da eta frogatua dago aspaldi. Hainbat elikagai hartzea eta ongizate-sentsazioa lotzen ditu garunak; horrenbestez, haurtzaroan zein helduaroan jaki batzuk aukeratzen ditu ondoeza edo antsietateari irtenbidea emateko modu natural gisa.

4.- Gose eta asearen barne seinaleak hauteman ez.
Haurrak janari ugariak hartu ohi baditu, asetasun seinalea "aditutakoan" ez du elikagaia har ez dezan agintzen dion barne-eskakizuna beteko. Adin horretako gaztetxoek baino askoz ere gehiago jan behar duela irakatsi diote eta horrelaxe ikasi du berak.

5.- Ohitura txarrak.
Egunero horrelako jakiak hartzeak, dietako osagaiak bihurritzeaz gainera, ez dator bat ohitura onez daukagun ideiarekin. Horrelakoak inoiz edo behin kontsumitzen badira eta umea aktiboa bada, aparteko kaloria horiek erreko ditu; dena den, horrelako elikagaiak maiz aukeratzeak eta ohitura txarrak izateak, epe motz, ertain eta luzera, pisuaren gehikuntza ekarriko dute.

6.- Belaunaldi honetako haurrek zaletasun pasiboekin gozatzen dute: egunean bi ordu eta erdi ematen dituzte telebista aurrean eta beste ordu erdi bat bideojokoetan edo Interneten. Pantaila aurrean eserita, krispetak jan eta jan ari direla, ohiz kontsumitzea kaltegarri gertatuko zaizkien elikagaien iragarkiak dozenaka irensten dituzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario