HIPERKOLESTEROLEMIA


Aterogenesi-lesioak, arteriosklerosiaren eta gaixotasun kardiobaskularren erantzule direnak, 30 urtetik hona hainbat eta hainbat ikerlanek frogatu duten bezala, haurtzaroan hasi eta bilakatzen dira behin-betiko bihurtuz. Erantzule garrantzitsuenetarikoa aterogenesiaren dieta da, hiperkolesterolemira bideratzen duen dieta, alegia. Honen adibide nabariena, estatu garatuen erara bere dieta aldatzen ari diren estatuetan, Txina eta Nigerian kasu, gertatzen ari diren gaixotasun kardiobaskularren maiztasunaren gorakada da. Aterogenesian, faktore genetikoak (dislipemia familiarrak, batez ere, hipertentsioak, diabeteak) eta ingurugiroak (dieta aterogenikoak, obesitateak eta bere ondorioak, sedentarismoak, tabakismoak) hartzen dute parte, batak besteak eragiten dituelarik.

Haurtzaroan, odol-sueroko kolesterola 200 mg/dl-tik gora dagoenean zehazten da hiperkolesterolemia (kolesterol altua eta potentzialki kaltegarria). Kolesterola zifra honetatik behera eta LDL-kolesterolaren (kolesterolaren frakzio kaltegarria moduan ezagutzen dena) zifrak 135 mg/dl-tik behera mantentzeak izan beharko luke osasunerako helburu bat.

Kolesterol altua askoz ere maizago ikusten da gehiegizko pisua duten umeengan besteengan baino. Gainera, ume obesoetan kolesterolaren osagarri kaltegarriak dira triglizeridoekin batera altu daudenak, osagarri babesleak (HDL-kolesterola hauen artean) askoz ere neurri txikiagoan dauden bitartean.

Gaixotasun kardiobaskularren gorakadan badu zerikusirik, zalantzarik gabe, dieta-ohituren aldaketak. Gure dieta ondoko elikagai hauen kontsumoa handitzean omen dago aterogenesiaren aurreko babesa, dieta mediterraneoaren osagarri nagusiak direnetan, alegia: landare-olioa (oliba, batik bat), egoskariak eta arraina. Elikagai hauek kontsumitzen dira gaur ere, baina astiro-astiro hauek ordezkatzen hasiak diren beste elikagai eta ohitura arrotzak sartzen ari dira.

Oso kontuan hartzekoa da, gainera, otordu artean umeak jaten duena: otartekoak eta “snack”ak (gozokiak barne), gaur egun, umeen dietako gantz eta energiaren parte handiaren erantzule bihurtu baitira. Gantz hauek oso aterogenikoak dira, gantz-azido saturatuen kantitate handiaz eta oso kalitate txarreko energiaz hornitzen baitute. Elikagai hauen artean talde bat (boileria, gozoki industriala, paketa/sobreak) bestea baino (fruitu lehorrak, karameloak) aterogenikoagoa da. Dieta-ohituren aldaketekin eta aipatutako aparteko elikagai hauen kontsumoarekin ume askok, gomendagarri den energiaren % 30 baino askoz ere gehiago koipetan eta % 8 baino gehiago gantz-azido saturatuetan kontsumitzen duela pentsatzea ez zaigu oso zaila egiten eta, beraz, dieta aterogenikoa egiten ari dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario