OBESITATEA

Obesitatearen ia kausa bakarra energiaren desoreka da; hau da, organismoan sartzen den energia kontsumitzen edo gastatzen dena baino gehiago denean gertatzen da. Gure organismoan, energia jakien bidez barneratzen dugu, eta hauen gehiegikeria da, ia beti, obesitatearen sortzailea.

Neska-mutil obesoen ezaugarriak dira: ariketa fisiko gutxi egitea (kirolean ezezik, bizitzako arlo guztietan ere berdin gertatzen zaie; adibidez, eskolara joateko autoa gehiago erabiltzen dute oro har), eguerditik aurrera jaki gehiago hartzea eta telebistaren aurrean denbora asko ematea. Ezaugarri hauek obesitatearen sortzaile zein ondorio dira; ohar gaitezke bestalde, ariketa fisiko gutxi egiteak obesitatera bultzatzen duela, energia gutxi erretzen delako; baina, bidenabar, obesitateak ariketa fisikorik ez egitera bideratzen du, gurpil-zoro honen bidez obesitatea errazten delarik.

Lodi egotea osasunaren adierazlea ezezik, estetikarena ere izan da ia oraintsu arte. Baina obesitateak ondorio fisiko zein psikikoak ditu, bereziki, haurtzaroan. Hala ere, bere ondorio nagusia, helduaroan irauteko joera izatea da, adin honetan ondorio oso kaltegarriak sor ditzakeelarik: diabetesa, hipertentsioa, kardiopatia, etab. Frogatuta dago nazioarteko ikerketetan, baita Euskal Herrian azken urteetan egindakoetan ere, ume eta nerabe obesoek besteek baino odol-tentsio eta kolesterol-neurri handiagoak dituztela; honi ariketa fisiko gutxi egitea gehitzen badiogu, ume obesoak arteriopatia-mota bat (bihotzeko infartoa, burmuineko baso-gaixotasuna, etab.) izateko 3 elementu garrantzitsuenetarikoz jabetzen ari direla ohartzen gara. Baina, bestalde, frogatuta dago, obesitatea bera, berez dela arteriopatiaren sortzaile bat eta ez duela aipatutako ondoriorik behar arrisku-faktore izateko.

Euskal Herriko hegoaldean, Espainiako obeso-indize handiena dugu Penintsulako Iparraldeko beste herrialdeekin batera, 1984an burututako ikerketa baten arabera. Orbegozo Fundazioak Bilbon eginiko ikerketa baten ondorio diren grafikoetan: kurba eta tauletan, ikus dezakegu obesitatea neurtzen duen batezbesteko parametro eta desbideraketak, beste kurbatakoak (anglosaxoiak gehienetan) baino handiagoak direla; gure umeak obesoagoak direla, alegia. Fundazio honetan lanean diharduen pediatra baten ustez, zenbat eta lehenago hasi gorantz gantz-ehunaren proportzioa umetan (berpizte adiposoaren adina) hainbat eta lodiagoa izango da ume-populazioa. Bilboko kurbatan, 4-5 urte bitartean nesketan eta 5-6 urte bitartean mutiletan dago adin hori. Ingalaterra, Frantzia eta Txekiar Errepublikan beranduago gertatzen den bitartean. Bere ustez, aipatutakoak berdin balio du, umeari indibidualki dagokionean ere; zenbat eta lehenago gertatu berpizte adiposoa probabilitate handiagoa izango du ume batek obesoa izateko, alegia.

Bizkaiko Udal batean egindako azterketan, adin bakoitzean gaurko umeek lehengoek baino gantz-ehun gehiago dutela, hau da, oro har lodiagoak direla somatzen da; hots, gaurko 6 urteko umeek duela 5 urte adin berekoek baino gantz-ehunaren proportzio handiagoa dute, eta hori adin guztietan gertatzen da. Gainera, adin desberdinen obesitatearen portzentaien erlazioa handitzen doa urteak aurrera egin ahala, aipatutako azterketak eta Nafarroan burututako beste azterketa prospektibo batek erakusten duten moduan. Honek esan nahi du, urteak aurrera egin heinean zailago duela ume lodi batek pisua egokitzea; honela, 12 urteko obeso batek helduaroan pisu egokia lortzeko % 25 probabilitate besterik ez badu, proportzio hau handiagoa da gazteagoetan eta eskasagoa zaharragoetan; suposatzen da nerabe obesoen artean % 80-85ek jarraituko duela obeso izaten helduaroan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario